XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskuetan duzun zenbaki hau bikoitza da, bigarren aldiko 42/43 zk. eta 1987ko lehen sei hilabeteetako emaitza ale bakarrean biltzen duena.

Ikus dezakezunez, zenbaki mardula.

Mardula eta mamitsua.

Zenbaki honetako gai monografikoan soziolinguistikara etorri gara atzera.

Euskararen arazo soziolinguistikoak behin eta berriz erabili izan ditu Jakin-ek, bai artikulu soltetan eta bai eta batez ere monografiatan.

Gogora, adibidez, Euskararen zapalkuntza (Jakin 24), Euskararen borroka (Jakin 26/27), Euskararen plangintzarako oinarriak (Jakin 34).

Oraingo honetan, kaleratzear dagoen tesi baten inguruan bildu dugu hainbat lagun.

Jose Mari Sánchez Carrión Txepetxen La construcción de Euskal Herria Un futuro para nuestro pasado izan da monografia honen abiapuntua eta aztergaia.

Aldizkariaren ustetan, Txepetxen lanak bide eta ikuspegi berriak irekitzen dizkio euskal soziolinguistikari, eta ez honi bakarrik.

Oker ez bagaude, diskurtso berri honek zerbait baino gehiago alda ditzake gure artean egin ohi diren zenbait planteamendu, zenbait teorizazio, zenbait azterketa, eta hainbat eta hainbat formulazio (sasi-zientziar).

Hiruzpalau zatitan moldatu dugu monografia hau.

Lehenengo eta behin, Txepetxek berak egindako lana, neurri on batean bere tesiaren laburpena, non azaltzen bait ditu bere pentsaeraren lerro nagusiak.

Sarrera eta epilogo gisa, bi soziolinguistak egindako irakurketa eskaintzen dugu, Iñaki Larrañaga eta Luis V. Aracil jaunek egina, alegia.

Jose Azurmendi filosofoak, bere aldetik, tesi honen eta soziolinguistikaren zientzi oinarriak agertzen eta argitzen ditu.